Bordeleko kazetari eta blogariak Araba bisitatzen dute


Bordeleko eta bere metropoli-eremuko komunikabide eta blog nagusietako kazetariak Arabako eta Gasteizko baliabide turistikoak bisitatzen ari dira aste honetan, Come for a trip izeneko nazioarteko sustapen-kanpainaren barruan. Kanpaina hori Foru Aldundiak eta Udalak antolatu dute, lurraldeko natura-, historia- eta enogastronomia-ondarea Frantzian, Belgikan, Italian eta Portugalen ezagutarazteko.


Prentsa tradizionaleko profesionalak eta online hedabideak, orotarikoak nahiz gastronomiaren eta enoturismoaren munduan espezializatutakoak, besteak beste, Gasteizko Eraztun Berdea eta Erdi Aroko Almendra ezagutzen ari dira, Santa Maria Katedrala barne; Añanako Gatz Harana; Erdi Aroko hiribilduak, Arabako Errioxako upeltegiak eta esperientziak; eta naturagune bikainenetako batzuk, hala nola, Nerbioi Gaineko Ingurunea.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatuak azaldu duenez, "Frantziako merkatua funtsezkoa da gure turismo-sektorea garatzeko eta sendotzeko; izan ere, Arabako ostatuetan gaua igarotzen duten lau bisitari atzerritarretik ia bat aldameneko herrialdetik dator. Gure helburua Frantziako bidaiarien kopuruak hobetzea da, eta bide onetik goaz: horien kopurua %10 hazi da urteko lehen seihilekoan, pandemiaren aurreko erregistroekin alderatuta".


Arabako ostatuetan gaua igarotzen duten lau bisitari atzerritarretik ia bat Frantziatik dator
Maider Etxebarria alkateorde eta Ekonomia Sustapen, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak ideia hori indartu du, eta, gainera, azpimarratu du "gure natura, ondare eta enogastronomia eskaintzak oso ondo erantzuten diela merkatu honen eskaerei. Gasteizek eta Arabak frantses publikoaren gustuei oso ondo erantzuten dien helmuga bat eratzen du, eta horren berri eman nahi dugu".
Foru Aldundia eta Udala turismoa sustatzeko kanpaina indartsu bat garatzen ari dira aurten Come for a trip (Zatoz bidaiatzera) esloganarekin, Araba eta Gasteiz ezagutarazteko Europako hainbat herrialdetako bidaia-agentzien, komunikabideen eta azken publikoaren artean, eta, horrela, atzerriko bisitariak berreskuratzeko mugikortasunaren murrizketak amaitu ondoren eta tokiko turismo-sektorea suspertzen laguntzeko.
Harpidetu zaitez gure Newsletterrera
Kalitate turistikoko edukirik onena dugu, zure posta elektronikora bidaliko dizugu hamabost egunetik behin.



