Araba eta Gasteiz Valladolideko INTUR azokan sustatzen dira

Ardoarabako ardorik eta gastronomiarik onenak; Erdi Aroko hiribilduak, gazteluak eta dorre gotortuak; eta Gabonetarako planik onenak dira Gasteizek eta Arabak Valladolideko barne-turismoaren azoka honetan aurkezten dituzten proposamenetako batzuk.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak azaldu duenez, "INTURera jo dugu Araba eta Gasteiz Valladolideko eta Gaztela-Leongo bidaiariei ezagutarazteko, gure lurraldera bisitari-fluxu handia eragiten duen probintzia eta autonomia-erkidegoa baita. Baita sektorearekin, agentziekin eta touroperadoreekin egoteko ere, gure helmuga beren programetan sartzeko lan eginez".
Maider Etxebarriak, alkateorde eta Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak, bi erakundeen arteko lankidetza azpimarratu du, "esperientzietan, lasaitasunean eta benetakotasunean oinarritutako kalitatezko eskaintza baten bila dabiltzanentzat erreferentziazko destino gisa finkatzeko. Hori lortzeko erakargarriak dira: ondarea, enoturismoa, gastronomia, natura, jaialdiak...".

Eskaintza osoa
Natura, kultura eta enogastronomia dira INTURen ardatzak, eta Arabak eta Gasteizek hiru eremu horietan proposamen erakargarriak dituen eskaintza aurkezten dute azoka honetan: Ardoaraba, abenduaren 3tik 8ra bitartean, Arabako ardo eta pintxo onenekin; Arabako gaztelu, dorre eta hiribildu harresituetan zeharreko planak eta ibilbideak; lurraldea motorrean, autokarabanan eta garraio publikoan ezagutzeko planak; Erdi Aroko Almendra, Santa Maria Katedrala...
Valladolideko Barnealdeko Turismoaren Nazioarteko Azokan Arabak eta Gasteizek egiten duten eskaintzaren aukeretako bat turismo berdea, jasangarria eta irisgarria izango da, hainbat proposamenekin: Eraztun Berdea, mugikortasun elektrikoa eta baliabide turistikoak lotzen dituen lehen gida, Turismo Irisgarriaren gida eta ibilbide berdeak. Gainera, bi erakundeek egurrezko estand berritua dute, baso arduratsuen FSC zigiluarekin eta Rainforest Alliance zigiluarekin, eta kartoi birziklatuarekin.

Valladolid, merkatu garrantzitsua
Foru Aldundia eta Udala estand propioarekin daude aurten ere INTURen; izan ere, Valladolid merkatu garrantzitsua da Arabako turismoarentzat, gertutasun geografikoa, Gasteizekin duen errepide eta trenbide bidezko lotura bikaina, partekatutako ardoaren kultura eta biztanleriaren polo garrantzitsua direla eta. Valladolid hiriak 300.000 biztanle baino gehiago ditu eta probintziak milioi erdi baino gehiago.
Harpidetu zaitez gure Newsletterrera
Kalitate turistikoko edukirik onena dugu, zure posta elektronikora bidaliko dizugu hamabost egunetik behin.